MENDE BERRIKO ESKOLA DIGITALA
Arbel digitalak sartzen ari dira ikasgeletara. Ordenagailua pantaila handi batean ikusten dute ikasleek, eta beren lanei soinua, argazkiak eta bideoa gehitzeko aukera ematen zaie.
Bukatu da klarionaren eta arbel beltzaren aroa. Oraingo arbelek mintzoa badute, kantatzen dute, bideoak erakusten dituzte... Hunkitzea aski da ikasleek grabatutako soinuak entzuteko, irratia zuzenean jarraitzeko, telebista ikusteko. Arbel digitalak oraino berriak dira, eta irakasleak ikasten ari dira. Pixkanaka-pixkanaka sartzen ari dira ikastetxeetan.
Marie Rodriguezek gaztelania irakasten du. Angeluko (Lapurdi) Endarra ikastetxean izan zen atzo, Teknologia berriak eta irakaskuntza jardunaldien baitan, klasean arbel digitala nola erabiltzen duen esplikatzeko. Arbel digitala ordenagailu bat da. Ordenagailuari lotua zaio, eta arbelak berak tekla batzuk baditu. Pantaila hunki daiteke, saguarekin klik egiteko ordez. Ordenagailuaz gain, beste aukera batzuk ere baditu, baina Rodriguezek ez ditu oraino ikasi.
Ikasleek irratia zuzenean entzun dezakete, klasean. SER irratiaren webgunea ezarri du, adibide gisa, irakasleak. Abertzale Sozialisten Batasuna alderdi berriaren legeztatzeko edo legez kanporatzeko solasez ari da berriketaria. Ikasleek gaztelania entzuten dute, aktualitateko gaiekin. «Espainiako Letizia printzesaren ahizparen herioaren berri zuzenean entzunarazi nien». Hori bezala, Kanarietako (Espainia) itsas bazterrera heltzen diren afrikarren inguruko berriak ere entzun izan dituzte. «Horrek ikasleak motibatzen ditu». Gusturago ikasten bide dute, teknika modernoei esker.
Telebista ikusteko aukera ere badago. Rodriguezek nahiago ditu, hala ere, aitzinetik landu klasean erakutsiko dituen bideoak. Internetetik telebista zuzenean nola grabatu eta bideoak nola ekarri, beste arazo bat da. Baina hitzaldia entzuten ari diren gainerateko irakasleek elkarren esperientziaren berri eman dute.
Ikasleek pantaila digitaletik entzuten dutenarekin ariketak egiten dituzte. Irakasleak testua ematen die, hutsuneekin. Ikasleek hutsuneak bete behar dituzte. Etxean, berriz, irratiko soinuko testua irakurri beharko dute berriz, eta irrati esataria mintzatu den abiadura berean errepikatu, MP3 grabagailu batean grabatu eta grabaketa hori beren eskolako webguneko datu basean sartu. Irakasleak zuzentzen ahalko du. Ikasleek beren ahotsa ezar diezaiekete etxeko lanei ere. Dosier bat egiterakoan, orain teknologia berriak erabiltzen dituzte. Hots, beren txostenean testuaz gain, argazkiak, beren ahotsa, soinua eta bideoak ezartzen dizkiote. Argazkiari soinua gehitzen diote. Irakasleak txosten hori ordenagailuan jasotzen du, ikastetxe barneko sarearen bitartez, eta zuzentzen.
Oraindik hastapena baizik ez da. Rodriguez ez zen aspaldi hasi arbel digitalarekin lanean. Baina datozen hilabete eta ikasturteetan anitz errotuko da teknologia mota hori. Angeluko Endarra kolegioan atzo egin zituzten jardunaldietan, arbel digitala matematiketan edota historia eta geografian nola erabil daitekeen ere erakutsi zieten.
AUKERAKETAREN ZERGATIA
Artikulu hau aukeratu dugu, alde batetik, arbela digitalaren ezarpena orain pil-pilean dagoen gaia delako, baita praktiketako aldian gutako batzuk bizi eta ezagutu dugun gaia delako eta batez ere, teknologia eta hezkuntzaren arteko loturan murgiltzen delako.
IRUZKINA
Ekintza asko burutu daitezke arbela digitalaren bitartez, hala ere, ohiko arbelaren erabilpena ezinbestekoa dela deritzogu, ikasleek beti ere izan behar dute gogoan, teknologia berriekin ari garenean, arazoak egon daitezkeela eta bere erabilpena zapuztu daitekeela behar dugun momentuetan. Ohiko arbela eta arbela digitala klaseetan tartekatu behar dela uste dugu, beti ere ikasleek izan behar dute aukera haien pentsamenduaz aukeratzeko eta ikusteko zein bide den haientzako egokiagoa.
Hala ere, arbela digitalaren garrantzirik handiena, ikasleen motibazioan datza. Gaur egungo gizartean, teknologiak gazteengan erantzun oso positiboa dauka. Hau eta gazte gehienentzako ordenagailuetan ibiltzea entretenimendu bat da eta motibazioz aritzen dira hauekin jolasean eta lanean. Horregatik arbela digitala, ikasleentzako tresna motibagarria dela pentsatzen dugu.
Adibidea: geografiaren gaia ikasgelan lantzen denean, ohikoena klasean dauden mapen bitartez eta testu liburuen bitartez lantzea da. Haiek margotzen dituzte, idazten dituzte,...ez da teknika txarra baina hala ere, badaude ikasleentzako berriak eta motibagarriak dauden ekintzak interneten geografia ikasteko. Programa batzuen bitartez ikasleek arbela digitalarekin esaterako, estatu desberdinak identifikatu dezakete mapa handi batean.
INFORMAZIO ITURRIA
http://paperekoa.berria.info/harian/2007-03-29/017/001/Mende_berriko_eskola_digitala.htm
No hay comentarios:
Publicar un comentario